Teklatua

Teklatua, giltzadia edo klabierra, gailu periferiko bat da, botoi eta teklen moldaketa bat erabiltzen duena, ordenagailura informazioa bidaltzen duten palanka mekanikoen edo etengailu mekanikoen gisa jarduteko. Teklatuak 99 eta 147 tekla bitartean izaten ditu, lau bloketan zatiturik: funtzio blokea, bloke alfanumerikoa, bloke berezia eta bloke numerikoa.

Giltzadi hitza XXI. mendearen hasieran proposatu eta erabili zen teklatu/klabier, Hegoaldeko hitza vs Iparraldeko hitza, dikotomiari aurre egiteko. Zehazki hiztegian, 2005. urtean teklatu hitzari Beh. marka erantsi zitzaion. Baina badirudi hurrengo urteetako erabilpenak hiru aukeren artean teklatu hitza hitzik estandarrena bihurtu duela.

Teklatu motak:

QWERTY: besteak beste Estatu Batuetan, Espainian eta Latinoamerikan erabilia. Izena, beste hainbat teklatuetan bezala, letren goiko errenkadako lehen sei letrek osatzen dute.

AZERTY: Frantzian erabilia.

Dvorak: Edozein tokitan erabiltzen da. 1936an patentatua ingelesez idaztean abiadura handitzeko eta erroreak saihesteko asmoz diseinatua.

QWERTZ: Alemanian, Suitzan, Austrian, Eslovenian, Kroazian, Bosnia Herzegovinan, Montenegron eta Albanian erabiltzen da.

Colemak : RSI sindromea saihesteko egin zen.

Braille: itsuentzat egina, braille idazkera sistemakoa.